XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. Nor da Garaudy? Lan honen gaiari dagozkion Garaudy-ren biografiaren berri batzuk ematea ere jakingarri da, noski.

1913 urtean Marseille-ko langile hauzo batetan jaio zen.

Gurasoak sinesgabeak izanik, hamalau urterekin, bere gogoz, bataiatu zen. Protestante.

Bere kristau-esperientziak langile artean oihartzunik ez zuela somatu zuenean, Alderdi Komunistan sartu zen.

Kristau jarraitzeko asmotan eman zuen izena; nahiz eta bere adiskide protestanteek hautaketa bat egitera behartu: kristau ala komunista.

Alderdian segitu zuen; fededun gainera, urte batzuk geroxeago sinesmena galdu arte.

Sarri, berak aitortu digunez, kristau sujetibidadearen balioak eta marxismoaren eraginkortasuna batzea, katearen bi muturrei eutsi nahi hori da Garaudy-ren pentsamendu osoa zirikatzen duen buruhauste bat.

Komunista egin berria zelarik, Maurice Thorez (kristauenganako esku luzatua-ren politika sortu zuena) ezagutzeko zoria ukan zuen.

Bion adiskidetasuna zindoa izan da.

Eta Garaudy-rentzat babes eta gerizpe izan dela ere aitortu behar; M. Thorez, Frantziko Alderdi Komunistaren idazkari izan bait da urte luzetan.

Alderdi barruan, eragin eta itzal handiko gizona izan da Garaudy.

Adibide batzuk: Komite zentralekoa izan da 24 urtez, eta 14 urtez Bureau Politique barrukoa.

C.E.R.M. (Centre d'Etudes et de Recherches marxiste) sortu eta zuzendu du, Alderdi barruan iraun duen bitartean.

Batzoki honen berezitasuna, marxista ez direnek bertan parte hartzea da.

Praga eta Parisko 1968ko udaberriaren inguruan Alderdi barruan eta kanpoan zabaldutako istiluengatik,1970eko maiatzean errebisionista bezala Alderdi komunistatik bota zuten.

Deputatu eta senadore ere urte askotan izan da; Estetika profesore izateko, 1961. urtean, bere aulkia utzi zuen arte.

1959az geroztik, kristau eta marxisten artean izan diren eztabaida eta elkarrizketetan sarri parte hartu du: idatzietan, bileretan eta telebistan ere bai (Salzburg, Marlenbad, Geñeve, Asis, etab.).